Merkatal Itsasadarra
Misericordia Etxe Santu eta Erreala
A. de Goicoechea, 1872 / Oharra,
- Helbidea: Sabino Arana etorbidea, 2
- Ordutegia: Larunbata, Itxita / Igandea, 11:00-19:00
Bizkaiko eraikin neogotiko zaharrenetarikoa da. Diotenez, haren eraikuntzak 15.000 pesetako kostua izan zuen (90 euro)!
Bizkaiko ongitzako eta gizarte-laguntzako erakunde nagusienetako bat izan da Bilboko Miserikordia Etxea. Etxea eratu arte, gizarte-laguntzako zereginak Magdalena eta San Joan Santuen ospitaleetan ematen ziren Hiribilduan. XVIII. mendearen lehenengo urteetatik, Miserikordia Etxea sortzeko beharra antzeman zen, Hiribilduko behartsuei babesa emateko. 1724an Aterpetxea (“Casa de Refugio”) eratu zen, bilbotarrak hartzeko –kanpotarrak, gau bakar batez bakarrik.
1760an, eskaera oso handia zenez, haren egoitza Zingirako udal-etxe batera eraman zen. Ondoren, 1772an, Jesuiten Ikastetxe zaharra lagatzeko eskatu zitzaion Erregeari, eta Zingiran bizi ziren 100etik gora behartsuen artean 68 egoitza berrira eraman ziren. Aldaketa haren eskutik, tailerrak ere eraiki ziren, babestutako umeei ogibideak irakasteko. Eltzegintza eta okintza tailerrak antolatu ziren, baita ehundegiak eta inprimategiak ere, besteak beste. Tailer horiei esker, Erakundeak diru-sarrerak lortzen zituen, eta jasotzen zituen dohainekin batera, diru-kutxa publikoak ordaindu beharreko zenbatekoa murriztu egiten zen. Onbeharren kopuruak gora egiten jarraitu zuen, eta 1834an 124 gizoni eta 145 emakumeri eman zitzaien babesa. Gehikuntza haren ondorioz, instalazioak handitu behar izan ziren berriro, Erakundean sartzeko eskatzen zuten behartsuak hartzeko.
1871ean, San Mameseko Errekoletoen komentuen orubean (Udalak Foru Aldundiari erosi ziona), Abandon, beste eraikin bat eraikitzea erabaki zen. Gaur egun, kokaleku horretan jarraitzen du Miserikordia Etxeak. Miserikordia Etxea gizartearen aldaketetara moldatuz joan zen eta, tailerrak itxi bazituen ere, egun adinekoen egokitza izaten jarraitzen du. Eraikinaren kokaleku den finkaren azalerak 26.600m2 inguru ditu, eta horien artean 16.000m2 ehun urtetik gorako zuhaitz ugari dituen lorategi bati dagozkio.
Esker onak:

