Ezagutu begiratoki hau, hortik begiratzeko eta hor ikusgai izateko sortu zena, tokiaren 5000 urtetik gorako historiaren erakusgai
- 25 Pertsona / Taldeko
- Bisita 35 min
- Metroa Neguri
Punta Begoña Galeriak hala Bizkaiko nola Euskadiko XX. mendearen hasierako eraikinik garrantzitsuenetako bat dira, baita gizarte, gizon eta garai batzuen ikur ere.
Bilboko Udaleko garai hartako arkitekto Ricardo Bastidak diseinatu zituen galeriak, Horacio Echevarrieta industria-enpresaburuak hala aginduta. Galeriek toki nabarmena dute aurrealde getxoztarrean. Hasiera batean, harri-jausiei eusteko horma bat izango zen, baina eraikin enblematiko bilakatu zen, itsaso gaineko begiratoki bikain, hortik begiratzeko eta hor ikusgai izateko toki, alegia.
Galeriak eraikitzeko, garai hartako teknika berri batez baliatu ziren, hormigoi armatuaz; hortaz, Bizkaian material hori erabili zuen lehenengo bizitegi-eraikina izan zen.
Goieneko aldien adierazgarri diren aztarna artistikoak dituzte galeriek: areto nagusian marmol deigarriak daude, baita tximinia oso handi bat ere; korridoreak zeramika-lan landuez apainduta daude eta arotzeria eder-ederra da.
Urteetan zehar, gertaera historikoek eragina izan zuten Galerietan eta, ondorioz, hondatutako dekoratu bilakatu zen.
2014an, Getxoko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu zuten ondare-ondasun horretatik sortzen diren ahalmen guztiak leheneratu, esploratu eta horien balioa nabarmentzeko asmoz, Europako historia arkitektoniko eta sozial bitxienetako bat berreskuratzeko.