Pabellon-FE_1
845 Bisitari
16 Espazioak
1
Hiriak
18091 Bisitak

Open House Bilbaoren bosgarren edizioa COVID-19ari aurre egiteagatik ezarritako osasun-neurriek baldintzatuta egin zen berriro. Bigarren urtez, jaialdiak pandemiari aurre egin behar izan dio, eta, horretarako, beharrezko osasun-neurrietara egokitu da bai formatua bai jarduerak ere.

Open House Bilbao 2021 urriaren 23tik 24ra bitartean ospatu zen. Bosgarren edizio honetan 49 espaziok parte hartu zuten Bilbo osoan zehar, eta ateak doan ireki zitzaizkien herritar guztiei, hori bai, aldez aurretik izena eman behar izan zuten espazio bakoitza bisitatu ahal izateko. Open House Bilbaoren bosgarren edizioak Hiri Osasungarria gaiaren inguruan garatu du bere programa. Pandemiak agerian utzi du gure auzoetako kaleak birpentsatzeko beharra, harremanak izateko hurbileko berdeguneak sortzearen garrantzia, espazio inklusiboak, kulturarako, mugikortasun iraunkorrerako, hurbileko merkataritzarako espazioak garatzeko beharra.

Espazio desberdinetara egindako bisitez gain, kaleak kulturaz eta esperientzia arkitektonikoz bete zituzten beste hainbat jarduera ere egin ziren: bizikleta-ibilbideak, hiri-natura ibilbide gidatuak, familia-tailerrak, itsasontziz egindako ibilaldiak, etab. Edizio honetan, bi formatu berri gehitu zitzaizkien jarduera osagarriei. Egile-bisitei esker, herritarrek katalogoko eraikinak ezagutu ahal izan zituzten, eraikin horiek diseinatu zituzten pertsonen, arkitektoen, eskutik. Bisita bereziek, aldiz, eraikineko pertsona garrantzitsuak zituzten eraikinen gidari: Eleiz Museoaren zuzendaria eta Deustuko Unibertsitateko katedradun erretiratuak.

Urtero bezala, boluntarioak dira ekitaldiaren ezinbesteko zutabea, eta, beste behin ere, erabat gainditu ziren aurreikuspenak, eta 350 pertsonak baino gehiagok eman zuten izena.